24
Api
2018
icon-post-elkarkidetza

Elkarkidetzak 30,4 milioi ordaindu ditu, biziarteko errentetan batez ere, 5.948 pentsiodunei 2017an eta bere ondarea 1.104 milioietara iristen da.

  • Elkarkidetza
  • Elkarkidetza - Albisteak
Vitoria-Gasteiz, 2018ko apirilaren 19a

Elkarkidetza BGAEk Vitoria-Gasteizko ARTIUMen edo Arte Garaikidearen Euskal Zentru-Museoan egin duen Ohiko Batzar Nagusian, 2017ko ekitaldiaren itxiera aurkeztu du. Batzarreko akordio guztiak, kontuen onarpena eta 2017 ekitaldiko kudeaketa txostena barne, gehiengo osoz onartu dira.

Oro har, esan dezakegu 2017. urtea lasaia izan zela erakundearen kudeaketari dagokionean.

Inbertsioen arloan, 2017. urtea orokorrean ona izan da finantza-merkatuetan, aurrerapausoak egin baitira aktibo mota ia guztietan. Horren arrazoiak dira, besteak beste, munduko ekonomia modu egonkorrean eta sinkronizatuan eta inflazio-tasa baxuekin hazi dela, enpresek emaitza onak izan dituztela eta diru-politikak malguak izan direla. Emaitzen artean, nabarmentzekoa da Elkarkidetzak % 5,13-ko errentagarritasuna lortu duela, eta, hala, enplegu planek batez beste lortutakoa (% 2,77) gainditu du argi eta garbi.

Bazkideen taldean, kotizatzen dutenen eta pentsiodunen kopuruak igo dira, ekarpenek igotzen jarraitzen dute eta krisiaren osteko baliorik altuenera iritsi dira, eta bazkide aktiboen erreskateak baliorik baxuenean egonkortu dira. Halaber, pentsioen zenbatekoak (urteko erretiro pentsioa 3.749 eurokoa da batez beste) eta pentsiodunen kopuruak igotzen jarraitzen dute, taldearen joeraren ondorioz eta 31 urte igaro direlako Elkarkidetza sortu zenetik.

Halaber, gure erakundearen Gobernamendu Onerako sistema ezartzen bukatu dugu. Horren barruan, Gobernu Batzordearen eskumena da gobernu korporatiboa modu iraunkorrean diseinatzea, ebaluatzea eta berrikustea. Beste helburu batzuen artean, erakundearen kaudimena iraunkortasunez maximizatzea lortu nahi dugu, gure bazkideen, aktiboen eta pentsiodunen interesak kontuan izanik. Era berean, Gobernu Batzordeko eta kudeaketa-taldeko jardunbide onak, profesionaltasuna eta irizpide-burujabetasuna ere bermatu nahi ditugu, baita barne eta kanpo araudiak betetzen direla ziurtatu ere.

Azkenik, berresten dugu garrantzitsua dela pentsio-sistema osagarria existitzea, justizia sozialaren printzipioetan oinarrituz bizi-maila duina ziurtatzeko: pentsio zuzenak, nahikoak eta denboran iraunkorrak. Hasiera-hasietatik, Elkarkidetza diseinatzean, aintzat hartu ziren Europa Iparraldeko eredu aurreratuenak. Gure diseinua talde negoziazioan ardazten da, eta bokazioz lanbide-ibilbide luzeetara hedatu behar zuten ekarpen parekideen sistema baten eta errenta bitartezko prestazioei lehentasuna ematearen alde egin zuen.


https://youtu.be/WtCVzVQpXT4