02
Api
2019
icon-post-elkarkidetza

Elkarkidetzak 33 milio ordaindu ditu 2018an gehienbat biziarteko errentetan 6.345 pentsiodunei eta bere ondarea 1.089 milioietara iristen da

  • Elkarkidetza
  • Elkarkidetza - Albisteak
Vitoria-Gasteiz, 2019ko martxoaren 29a

Elkarkidetza enpleguko BGAEk Vitoria-Gasteizko ARTIUMen edo Arte Garaikidearen Euskal Zentru-Museoan egin duen Ohiko Batzar Nagusian, 2018ko ekitaldiaren itxiera aurkeztu du. Batzarreko akordio guztiak, kontuen onarpena eta 2018 ekitaldiko kudeaketa txostena barne, gehiengo osoz onartu dira.

Gure bazkide taldea handitzen eta gugan jarritako konfiantza hobetzen doaz, asebetetze inkestetan islatzen den moduan.

Nazioarteko politikako aktore nagusien portaera geoestrategikoek nabarmen eragin dute 2018ko ekitaldian eta merkatuen ezegonkortze ekonomikoa eta ia aktibo mota guztien portaera txarra eragin ditu.

Egoera horretan, sei urtez jarraian errentagarritasun positiboak eduki eta gero, aurten -% 2,31ko errentagarritasuna lortu da. Errealitate hau, ziklo ekonomiko osoaren barruan baloratu behar da.

Azterketa horrek alderaketa bat behar du. Invercoren datuen arabera, pentsio-planen batez besteko errentagarritasuna -% 3,95 izan da eta gure erreferentziazko indizeak, IBEX eta Eurostoxx kasu, -% 14,97an eta -% 14, 34an geratu dira hurrenez hurren. Dena dela, gure xedea biziarteko errentak ordaintzea denez, ezin dugu epe luzeagoko ikuspegia alboratu (azkeneko bost, hamar edo hamabost urteetako batez besteko emaitzak kontuan izanda), KPI eta pentsio-funtsen batez bestekoaren gainetik gaudela ikusteko, gure inbertsioetan kudeaketa zentzudun bat egitearen ondorioz.

Aipaturiko egoera finantzarioan, Erakundeak segurtasuna lehenetsi du errentagarritasunaren gainetik. Kapitalaren zaintza-politika bat burutu da, errenta aldakorreko eta beste aktiboen inbertsioak murriztuz likideziaren alde.

Bestalde, azpimarratu behar da, aurten, AON HEWITT aholkularitzak datozen hamar urterako aurreikusitako aktiboaren eta obligazioaren eboluzioaren azterketa bat egin duela. Azterketa horrek hobetu beharreko alderdiak detektatzen eta erabakiak hartzen lagundu digu, Elkarkidetzaren jasangarritasuna indartu eta arriskuak minimizatzeko asmoz.

Erakundearen kudeaketa eraginkorrak estaldura tasa mantentzea ahalbidetu du. Estaldura tasa, balizko arriskuen aurrean Erakundeak erantzuteko duen gaitasuna neurtzen duen indizea da, betebeharren gainetik. Horrela, 2018aren amaieran, estaldura tasa % 8,76an kokatzen zen, % 4,76 puntuz gainditzen delarik gutxienez ezarritako legezko maila.

Egoera horretan ez dugu ahazten gizartearekiko gure erantzukizuna. Ingurumena, gizartea eta gobernu korporatibo egokia aintzat hartzen dituzten inbertsioak bultzatzen ditugu. Horrez gain, lanpostuak mantendu eta lanpostu berriak sortuko dituzten, eta, horrela, herrialdearen garapenean lagunduko duten euskal enpresetan inbertsioak egiten jarraitzen dugu.

Aurten ere Gobernu Batzordeak eta Elkarkidetzako lan-taldeak ahalegin izugarria egin dute Gobernu Onaren, Arriskuen Kudeaketaren eta Arautegiaren Betetzearen Politikak ezartzeko. Horren emaitza gisa, Arrisku Kudeaketako testu bategina onartu eta sistema eraginkor bat ezarri dute.

Aipatzekoa da ere, Bikain ziurtagiria jaso dugula. Erakundeak hizkuntza-politika formalizatu du euskararen kudeaketarekin hartutako konpromisoak jasoaz.

Gure xedea pentsio-sistema osagarri bat sustatzea da, justua, nahikoa eta jasangarria. Sistema horren diseinua negoziazio kolektiboan oinarritzen da, instituzioek eta bazkideek beren lanbide-karreran zehar partekatutako ekarpenekin eta errenta moduko prestazioei lehentasuna emanez.